domingo, 2 de octubre de 2011

Denok Azpeitira KLIK egitera

Jada guztia prest dago Kilometroak 2011 jairako. Aurtengoan Ikasberri ikastolak KLIK bat egitera gonbidatu digute  Azpeitira. Giro ona eta jendetza espero dira iganderako, kopuruetan esanda beldurtzeko horietakoa, 100.000 pertsona. Goizeko 9:00etan irekiko dute sei guneetan banatutako zirkuitua eta horietan bazkariak, edariak, eta hainbat ekitaldi egongo dira adin guztietako jendearentzat.

Egun osoan zehar festa giroa izango da Azpeitiko kaleetan. Hainbat kontzertu, antzerki eta ekitaldiez josia dago igandeko egitaraua heldu, gazte zein txikitxoenentzat. Sei guneetan banatuko dute zirkuitua: Ikastola, Garmendipe, Goena, Loiolatxo, Loiola eta Herriko Plaza. Garmendipen gainera aukera izango dute egun horretan bertan jolasten den derbya zuzenean ikusteko Reala eta Athletiken artean. Pantaila erraldoia jarriko dute bertan eta zirkuituan zehar beste pare bat ere jarriko dituztela esan dute.

Igandean Azpeitian izango den festa giroak Azpeitiko Ikasberri ikastolari laguntzea du helburu. Ikasberri ikastolak 1995-1996ko ikasturtean egin zituen lehendabiziko urratsak. 450 ikasle aritzen dira egun zentroan, eta Haur Hezkuntzatik Batxilergorainoko eskaintza du. Kezka nagusi bat dute azkenaldian: leku falta. Eraikin gehiago behar dituzte, eta horiek egitera bideratu nahi dute jaiaren bidez lortuko duten dirua. . «Administrazioen finantzaketa planak motz eta zaharkituta geratu zaizkigu. Gainera, urte gutxi barru ez gara egungo eraikinean sartuko. Behar ekonomikoak handiak dira. Ikastolen proiektu berritzailea zabaltzen jarraitzeko erronka era badugu, eskualdean bakarra baitago», azaldu du Aitor Unanuek, Ikasberri ikastolako lehendakariak 

No hay comentarios:

Publicar un comentario