jueves, 29 de septiembre de 2011

Larunbatean AHTren aurka mobilizatzeko deia egin du AHT Gelditu! Elkarlanak

Urbina berreskuratu, AHT Gelditu! Epaiketarik ez!” lemapean burutuko dira mobilizazioak. 2009ko Urbinako manifestaldian atxilotu zituzten AHTren kontrako ekintzaileen aurkako epaiketa salatzeko helburuarekin. Goizeko 10:30etan oinezkoen martxa bat abiatuko da Urbinatik eta arratsaldeko 6etan manifestazioa Gasteizeko Bilbao plazatik abiatuko da.

Urriaren 5ean Gasteizko Epaitegian sei pertsona epaituko dituzte 2009an Urbinan AHTren aurkako manifestaldian gertaturiko istiluengatik. Hauei elkartasuna adierazteko eta gertatutakoa salatzeko da, hain zuzen ere larunbateko manifestazio eta martxa. Bi hauez gain, jada abian den autoinkulpazio kanpaina masiboa ere antolatu du Elkarlanak. Ibilbidearen hasieran, AHT Gelditu! Elkarlanak Urbinako herritarrak omenduko ditu, bide luzea egin baitute AHTri aurre egiten.

Izan ere, Urbinan bertan hasi zituzten lanak, eta AHT Gelditu! Elkarlanaren arabera, herri honetako bizilagunak azpiegitura horren guztiz kontra daudela adierazten omen dute egindako herri galdeketaren emaitzek.

Urriaren 5ean epaituko dituztenentzat 2 eta 4 urte bitarteko espetxe zigorra eskatu dute eta hori saihesteko antolatu du autoinkulpazio kanpaina AHT Gelditu! Elkarlanak. “Geure egin nahi ditugu sei atxilotuei leporatzen zaizkien delituak, berdin-berdin atxilotu gintzaketen-eta beste ehunka pertsona ere egun hartan Urbinan” dio AHTren aurkako koordinadorak. 

Ezker abertzaleak eta Aralarrek bat egin dute etzi Gasteizen AHTaren aurka egingo den manifestazioarekin. Ezker abertzaleak AHTaren lanak gelditzeko adina argudio badirela uste du. Era berean, poliziak egun hartan egindako jazarpena eta bortizkeria salatu ditu Aralarrek.




No hay comentarios:

Publicar un comentario