domingo, 18 de diciembre de 2011

Poliki-poliki ametsak eraikitzen

Badira 26 urte Pasai Antxoko gaztetxea sortu zela, bidea ez da beti erraza izan, baina egun sortu zenean bezain bizirik jarraitzen du

Udane MIGELTORENA

Poliki-poliki ametsak eraikitzen, hori da Pasai Antxoko gaztetxeak duela hainbat urte ateratako kamisetetan erabili zuen leloa. Gaztetxeak duela 26 urte ekin zion bideari eta ordutik ez dio ametsak eraikitzeari utzi, batzuk egi bihurtu dira, beste batzuk bidean geratu dira. Baina egun gaztetxea bizirik dago, bide luzea du aurretik eta Antxoko gazteak ametsak eraikitzen jarraitzeko prest daude.


Pasai Antxoko gaztetxearen sorrera 80ko hamarkadan kokatu behar dugu. Franco hil ondorengo garai hauek oso nahasiak izan ziren Euskal Herrian, era guztietako errebindikazioak egiten ziren, mugimendu sozial eta politikoak sortu ziren…Gainera, droga mota guztien mehatxua oso nabarmena zen hamarkada honetan, izan ere, Euskal Herrian, heroinak asko markatu zuen garai hura. Euskal Herriko herriak heroinaz bete ziren eta Pasai Antxo ez zen salbuespena izan. Jimi Oiarbide pasaitarra buru belarri ibili zen Pasai Antxoko gaztetxearen sorreran. Oiarbideren hitzetan, drogen mehatxuak eta garai hartako mugimendu sozio politikoak Antxoko gazteei elkartzeko lekuen beharra sortu zieten. Aldi berean, kultur errebindikazio eta aisiarako ekintzak antolatzera bultzatu zituen garai hartako egoerak.


Oiarbidek kontatu du sentsibilitate sozial eta politikoko hainbat gazte elkartu eta asanbladak sortu zituztela eztabaidarako. Kexaldi elkartean biltzen ziren gazteak eta eztabaidak gaztetxearen helburuaz izaten ziren. Jimik aitortu du ez zela batere erraza izan adostasun minimo batzuetara ailegatzea, izan ere pentsamendu sozial eta politiko ezberdineko gazte asko biltzen ziren. Garai hartako gazteek gogor egin zuten udaletxearen kontra, lehenengo errekonozimendua lortu eta ondoren lokala eskatzeko. Oiarbidek esan duenez, gaztetxea helburu batzuk asetzeko sortu nahi zen, gazteen beharrak zehaztu, aisia eta dibertitzeko “euren” erak defendatu, euskararen presentzia gazteen artean bultzatu eta droga trafikoa salatu, besteak beste. 


Egindako lanak bere fruituak eman zituen eta eztabaidak hasi eta urte batzuen buruan gazte asanbladak antolaturiko afari baterako udaletxeak orduko jubilatuetako (egungo gaztetxeko) giltzak eman zizkieten eta handik aurrera han geratu ziren. Behin gaztetxea eskuratuta txukuntze lanekin hasi ziren eta ordutik aurrera gazteek ekintzaz bete zituzten gaztetxea eta Pasai Antxoko kaleak. Jimik hainbat ekintza gogoratzen ditu, musika kontzertu “itzelak”, hitzaldiak drogari buruz, dantzaldiak, ingurumena eta mugimendu ekologista bultzatzeko ekintzak…


Pasai Antxoko gaztetxeak bere bidea egiten jarraitu zuen geroztik. 26 urtetako bidea arrosaz beteriko bidea izan da, pixkanaka egiten joan dena, polita, baina baita arantzaz beterikoa ere. Ez da beti erraza izan aurrera ateratzea. Irati Migeltorena jada ez dago gazte asanbladan, baina bera asanbladan parte hartzen hasi zen urteak gogoratu ditu. Egoera ez zela oso ona aitortu du, batez ere, helburuak ondo finkatu gabe zeudelako eta bereziki helburu horiek finkatzen lan egin zutela esan du. Helburu nagusia autogestioa zela adierazi du: “Gaztetxea berez, udaletxeak eman ziguten ez zen hain autogestionatua, baina guk nahi genuena zen gure ekintza guztiak guk sortutako ekintzak izatea, ez udaletxeak edo beste edonork gestionatuak izatea.” Beste hainbat helburu ere bazituzten, etxebizitzen inguruan, euskararen inguruan…




Garaiak aldatu badira ere, ekintza batzuk egitea ohitura bilakatu da gaztetxean. San Ferminetako txosna eta gazte eguna, gaztain eguna, inauterietako afaria eta beste hainbat gauza. Ane Salazar gazte asanbladako kide da duela lau bat urte eta esan duenez, gaztetxe baten helburu nagusietako bat gazteen arteko harremana sendotzea da. Gogor lanean ari da gazte asanblada gaztetxeak bere helburu eta erronka guztiak lortzeko. Salazarrek aipatu du gaztetxea ostiral eta larunbatetan “taberna moduan” irekitzen hasi direla. Modu honetan leiho berriak egiteko dirua lortu eta herriarengana iritsi nahi dute gaztetxeko kideek. Anek uste du ari direla pixkanaka beren helburuak lortzen eta optimista agertzen da etorkizunerako. Lanean jarraituko dutela adierazi du, gaztetxe baten ametsak aurrera jarrai dezan.


Bizirik da gaztetxea, 26 urteetan zehar etenaldiak izan badu ere, garai ilunak ezagutu baditu ere, ametsez josirik dago gaztetxea, eta amets horiek errealitate bilakatzeko prest dagoen jende mordoz beterik gainera. Pasai Antxoko gazteek poliki-poliki ametsak eraikitzen jarraituko dute. 
 



Atez ate Zestoan zaborra gutxitzen

Sara MATSUTANI

Erraustegiaren alternatiba aurkitu nahian sortu zen Atez ate taldea

2004an Arroa izendatu zuten Gipuzkoako zaborra bilduko zuen erraustegia egiteko herri posible bezala. Berehala hasi zen herria hitz egiten, aldeko zein kontrako iritziak entzun ziren eta eztabaida guzti horiek errausketan oinarritzen zen zabor kudeaketaren inguruko herri galdeketa batean amaitu ziren. Erraustegia egitearen aurka agertu ziren herritarrak erreferendum horretan eta emaitzari erantzuna eman nahian  sortu zen Atez-ate taldea. Herrian ez du oihartzun handirik izan orain arte talde honek baina ez lan gutxi egin dutelako behintzat, hainbat urte damazkite eta zaborraren arazoari konponbidea eman nahian. Zaborrak kudeatzeko eredu jasangarriago bat definitu eta ezartzea da taldearen helburu nagusia.

“Guretzat nahi ez
duguna Zubietakoentzat ere
ez. Horri irtenbide bat eman
behar zaio, zerbait egin
behar da, ezin da inertzia
horretan sartu eta ezer ez
egin”
LIERNI ARRIETA Atez ate taldeko partaidea

Pixkanaka pixkanaka hasi ziren lanean, lehendabizi zaborraren kudeaketaren inguruan zeuden eredu eta informazio asko aztertu zituzten (kostuak, emaitzak…). 2008an Zestoako hondakinen azterketa egin zuten, herriko gune ezberdinetan sortzen zen zaborraren karakterizazioari zegokionez.

Azterketa horren ondorio nagusia zera izan zela dio Mikel Odriozola taldeko partaideak: "emaitza onak lortzen dituzten sistemek, nolabait esateko, behartu egiten dute herritarra zaborrak modu jasangarrian kudeatzera". Sistema horien artean, besteak beste, atez ateko eta norberak sortu edo birziklatutakoaren araberako zerga politikak daudela ere gehitu du. Esate baterako, zaborrak nahasian jasotzen dituen edukiontzia kentzen bada, herritarrak zaborrak bereiztu eta birziklatzera behartuta daude.

Orduz geroztik, hainbat eztabaida izan dituzte eta konposgintzan aurrerapausoak egin zituzten. Norberak konposta egitearen eta herritarren sentsibilizazioaren aldeko apustua egitea erabaki zuten. Horretarako, urtean zehar egiten diren herri bazkari eta afari guztietan konposta jartzea erabaki zuten eta horrez gain, konposgintza bultzatzeko bitartekoak, konposgintza ikastaroak eta zabor kudeaketaren inguruko hitzaldi bat prestatu zituzten.

Baina benetako pausua legegintzaldi berri honetan ematea espero dute, zaborra kudeatzeko diseinu zehatz bat lantzeko asmoa baitute. Proposamen hau ordea ez dela izango itxia diote taldeko partaideek herritarren iritziak ere kontuan izango baitira. Izan ere, herritarrak euren  ohiturak aldatzera behartuta agertuko dira ziurrenik diseinu berri honetan, gure azterketaren arabera, horregatik herritarren parte-hartze prozesu bat abian jarri beharko litzatekeela uste dute, horrela, behin betiko sistema ezarri aurretik beharrezko hobekuntzak egiteko. Horrez gain, zehaztu beharreko beste hainbat kontu ere badituzte, esaterako, Urola Erdiko mankomunitateak ematen dizkieten zerbitzu eta kostuen berrikuspena, ontzien kudeaketa integratuko sistemetatik letorkeen dirua eskuratzea (ECOEMBES…), zaborrik ez sortzea eta birziklapena sustatzen duten zabor-ordenantzak garatzea etab.
“Zaborraren kudeaketak
daukan garrantziaz gain,
iruditzen zait gaur eguneko
gizarte eredu hau ez dela
jasangarria, eta ezinbesteko
pausua dela kontsumo
ohiturak aldatzen joateko
eta beste eredu
jasangarriago bat jartzeko”
IGOR ODRIOZOLA Atez-ate taldeko partaidea

Diseinua zehazteke dagoen arren badute buruan zerbait Atez ateko partaideek. Zestoarako proposatzen duten sistema orokorrean atez ateko sisteman oinarritu beharko dela ondorioztatu dute. Dena dela, horren barruan aukera asko daudela ere azpimarratu dute, adibidez, atez ate zer eta noiz bildu, zein edukiontzi mantendu, larrialdiko guneak... Eremuaren arabera sistema ezberdinak proposatzea dela onena ere erabaki dute, hau da, herri gunerako edo auzo guztietarako ez litzateke sistema bera izango ezta sortzaile guztietarako ere ez (etxebizitza, baserri, denda, industria…).

viernes, 16 de diciembre de 2011

Bartzelonak golen bitartez lurrazalera itzuli du galaxia zuria

Real Madrilek lehen minutuan markagailuan aurre hartu arren Bartzelonak partidua irauli du talde lanean oinarrituta
Asier Lekue
     Lehengo larunbaten elkarren arteko liga partida jokatu zuten Real Madrilek eta Bartzelonak Santiago Bernabeu futbol zelaian. Espainiar futbolaren partida nagusia, enegarren “mendeko partida”. Jose Mourinhok gidatutako madrildarrak erabat hasiak heldu ziran norgehiagoka atarira, 15 partida erreskadan irabazi eta gero. Gainera, ligako sailkapenean kataluniarrak sei puntu azpitik agertzen ziran, eta askok, oraindik 16. jardunaldian egonagatik, Real Madrilek liga ia-ia erabakia uzteko aukera ikusten zuten.
     Hasiera benetan bitxia izan zuen partidak. Futbolaren inguruko aditu, kazetari, eta analistak hamaika egun talde bien kalitateaz eta gainontzekoenganako nagusitasunaz hitz egiten pasa ondoren huts nabarmen batek hartu zuen berehala protagonismo guztia. Victor Valdes atezainak baloia jokatzeko intentzioarekin Di Mariari eman zion hau eta pare bat errebote ondoren baloia Benzemari heldu zitzaion area txikiaren inguruan, gupidarik gabe atezain kataluniarra fusilatuz. Lehen minutua bete gabe oraindik eta jada Real Madril aurretik zen. Golak eraginda lehen 30 minutuetan Madrila Barça baino askoz indartsuago azaldu zen, presioan oinarrituz blaugranen jokoa itoz. Zurien minutu onenak izan ziran, eta Cristiano Ronaldok berak ohiko ez duen eran bigarrena barkatu zuen.
     Baina Pep Guardiola maisuak bazekien zer egin, eta bere mutikoak berrantolatuz 30. minututik aurrera partiduaren jabe egin zuen bere taldea. Momentu horretan berdindui zuen Bartzelonak partida, 29. Minutuan hain zuzen. Messik zelai erdian baloia hartu zuen eta berak ohikoak dituen jokaldi miresgarri hoprietako bat egin eta gero sakonean eman zion Alexis txiletarrari, honek Casillasen aurrean maisuki bukatuz. Ordutik aurrera kataluniarrek izan ziren partidaren jabe eta Xavik 52. Minutuan ezarri zuen 1-2koa, bere jaurtiketa Marceloren gorputza jo eta ondoren desbideratuz, atezainarentzat geldiezina bilakatuz. Hala ere, Real Madrilek berdinketa lortzeko aukera izan zuen, baina Ronaldok ez zuen buruz asmatu ate oso beretzat zuenean. Hortik gutxira, 65. Minutuan, Bartzelonaren kontraeraso bikain bat ezin hobeto definitu zuen Cesc Fabregasek buruz, Alvesen erdiraketa bikain baten ondoren. Bertan bukatu zen partida, eta esanak esan, Bartzelonak Real Madril baino talde hobea izaten jarraitzen duela argi utzi zuen, zalantza guztiak ukatuz.


jueves, 15 de diciembre de 2011

Bartzelona jaun eta jabe merengeen etxean

Udane MIGELTORENA

Larunbatean Santiago Bernabeun zen klasikoaren zita eta FC Bartzelonak beste behin bere onena atera zuen Real Madrilen aurrean. Lehen gola Mourinhoren mutilek sartu bazuten ere, Barçak berehala eman zion buelta egoerari, Messi bikain bati eta Alexis, Xavi, eta Cesc-en golei esker. Bigarren zatian bera izan zen jaun eta jabe eta amaierako emaitzetan hori argi islatu zen.

Partida gorabehatsu hasi zen blaugranentzat, hasi eta berehala, 22.segunduan, Benzemak gola sartu baitzuen Valdesen akats bati esker. Honek Abidali pasa nahi izan zion baloia, baina Di Maria sartu zen erdian eta Ozilek baloia jaurti, Busquets-i jo eta Benzema-k atera jaurti zuen markagailua estreinatuz.

Halere, Bartzelonak ez zuen etsi eta gogotsu jarraitu zuen borrokan. Horrela, 6.minutuan partiduko bigarren gola izan zitekeena jaurti zuen Messik. Baina txurien atazaina abil ibili zen eta enpatera iristea sahiestu zuen.

Guardiolaren aldaketak zirela eta, Alexis atakeko hiru postuetan ibili zen. Erdiko postuan zegoela, Messiren asistentzia aprobetxatu zuen, hiru txuri alboratu ondoren, Ikerrekin aurrez aurre geratzeko. Horrela, 30.minutuan partidako 2. gola iritsi zen, markagailua enpatean ipiniz.

Bigarren zatian blaugranak gailendu ziren. Zati hau hasi eta 7 minutura, Xavik Barça-ren bigarren gola sartu zuen. Talde zuria urduri zegoen eta Bartzelonak hori aprobetxatuz jokatu zuen 2.zatia. 65.minutuan Mourinhoren mutilak lur jota geratu ziren Cesc-ek buruz sartutako golarekin. Real Madril indarkeriarekin jokatzen hasi zen, baina arbitroak Ramos, Pepe eta Coentraori txartel gorria barkatu zien. Azkenean 3-1 geratu zen markagailua.

Barçarentzat hiru puntuak oso garrantzitsuak izan ziren, orain Madrilen parera iritsi baita 37 punturekin eta ligako buru bihurtu da, baina Real Madrilek partida bat gutxiago jokatu du.


martes, 13 de diciembre de 2011

Leioako neskatoari sexu erasoak egiteagatik leporatuta kartzelan dago jada gizona

Sara MATSUTANI

Joan den asteburuan Leioan hamar urteko neskato bati sexu erasoak egitea egotzi dioten gizonezkoa epaia eman bitartean Basauriko espetxean sartu dute. Epailearen aurrean lehen deklarazioak egin ondoren gizona kartzelara sartzea erabaki du epaileak.

45 urte ditu atxilotutako gizonak eta hemezortzi urte aurrerago ere kartzelan egona da andrazko bat bortxatzea leporatuta. Horrez gain, poliziak esan duenaren arabera bestelako salaketak ere baditu genero indarkeriarekin zerikusia dutenak.

Ezbeharra larunbatean gertatu zen eta gizona larunbat iluntzean atxilotu zuten bere etxean, Leioan. Bizilagunek esan dutenaren arabera, hamar urteko neskato bat ikusi zuen gizonak etxeko atarian, etxebizitzaren trastelekura eraman zuen eta han itxi zuen. Neskatoaren gurasoak alaba etxera itzultzen ez zela ohartu bezain laster bere bila hasi eta akusatuaren etxeko atarian neskatoaren jantzi bat topatu zuten. Ez oso urruti, gizonezkoa aurkitu zuten labana eskuetan zuela, bizilagunak kontra egitera joan eta labanarekin zauritu zen gizona. Larrialdietako langileek bertan artatu zuten eta erietxera eraman. Osatuta, epailearen aurrean agertu zen, honek behin-behineko espetxeratu duelarik. 

Osakidetzak Errioxako gaixo gehiago artatuko ditu

Sara MATSUTANI

Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Jose Ignacio Nieto Errioxako Gobernuko Osasun kontseilaria elkartu dira Errioxa eta EAEko osasun arazoari buruz hitz egiteko. Bilera horretan Osakidetzak artatu ohi dituen baino Errioxako gaixo gehiago artatuko dituela hitzartu dute. Gainera, Errioxan egiten ez dituzten hainbat espezialitate eta proba egiteko aukera izango dute Errioxako biztanleek Osakidetzan. Modu horretan, Arabako Errioxako biztanleek Logroñoko eritegian artatzeari uzteagatik piztu zen krisiarekin amaitu ahal izango dute.

Bi administrazioen arteko gatazkak ia hiru hilabete iraun ditu, baina azkenean heldu dira akordio batera Errioxako hiriburuan, Logroñon, izandako bileran. Akordio hori ordea behin-behineko ituna da, behin betikoa otsailaren 29rako adostu beharko baitute Bengoak eta Nietok.

Osakidetzak Errioxakoentzat berriak diren zerbitzuak eskainiko dizkie bertako biztanleei, hala nola, lipoditrofiak, loditasun eta garuneko ebakuntzak, kirurgia plastikoa, umeentzako oftamologia eta epilepsia kasuak. Aurretik zerbitzu hauek soilik osasun zentro pribatuak eskaintzen baitzizkieten errioxarrei eta hauek Errioxako Gobernuak ordaindu behar izaten baitzituen. Bestalde, berriak ez diren zerbitzuetan gaixo kopurua handituko dela ere adostu dute. Dena den, behin betiko akordioan sailburuek ez dute baztertzen Errioxako gaixoentzat zerbitzu gehiagorako sarbidea bermatzea, hala nola, Errioxako abortuak Osakidetzan egiteko aukera.

domingo, 11 de diciembre de 2011

Prostituten bezeroei bi hilabeteko kartzela zigorra ezartzea eztabaidatzen ari da Frantzia

Udane MIGELTORENA

Frantziak prostituzioaren inguruko auzia konpontzeko proposamena onartzen badu, prostituten bezeroei bi hilabeteko kartzela zigorra eta 3.750 euroko isuna ezarri ahal izango die gobernuak. Frantziaren helburua komertzio sexuala indargabetzea da.

Frantziako asanblada nazionalak dionez, proposamen hori onartuta prostituten eskubideak bermatu ahal izango dira. Testua ez da loteslea eta lege proposamen batean bihurtzea espero dute. Baina ez dakite proposamena noiz sartuko duten gai zerrendan, eta litekeena da 2012ko legealdirako ez egotea.

Frantziako Barne Ministerioak uste du 20.000 pertsonek jarduten dutela prostituzioan, eta hauen %85a emakumea dela kalkulatzen du. Gainera, prostituta gehienak atzerritarrak dira, Errumania, Bulgaria, Nigeria eta Txinakoak gehienbat.

Elisabeth Badinter-ek Le Monde-n egindako adierazpenetan esan duenez, “emakume batek hiru egunetan beste batek hilabetean irabazten duena irabazi nahi badu, horretarako eskubide osoa du”, betiere bere borondatez bada.

Durbaneko Biltzarrak Kiotoko protokoloa luzatzea adostu du

Udane MIGELTORENA


Maite Nkoana-Mashabane, kanpo harremanetako Sudafrikako ministroa
Ia espero baino bi egun beranduago Durbaneko Biltzarrean izan diren 192 herrialdetako ordezkariek Kiototoko protokoloa luzatzea erabaki dute. Adostu dutenaren arabera, herrialde geratuen gehiengo batek Kiotoko Protokoloa bete eta gas kutsatzaileen isuriak murriztu beharko ditu. Horrela, 2015ean instrumentu legal bat izan nahi dute 2020erako gas emisio horiek murrizteko.

Azken bi astetan negoziatzen ibili dira Durbanen, berotegi efektuari buruz akordio batera heltzeko asmoz. Adostasun batera iristea ez da erraza izan eta Biltzarra luzatu zuten duela egun batzuk. Gaur goizean hartu dute erabakia, eta 2012an Catarren negoziatzen jarraituko dute. AEB akordiotik kanpo geratu da, nahiz eta gehien kutsatzen duten herrialdeen artean dagoen.

Aste honetan zehar izan diren negoziazioak burutzen ari ziren bitartean, ekologistek protesta egin dute klima aldaketa eta berotegi efektuaren aurka. Gainera, Geenpeace-k adierazi duenez, erabaki honekin “kutsatzaile handiek” irabazi eta herritarrek galdu egiten dute.

Duela egun batzuk horrela mintzatu zen Durbaneko Bitzarraren inguruan:



miércoles, 7 de diciembre de 2011

Amazoniar oihaneko 700.000 kilometro arriskuan daude Brasilek plazaratutako neurri berriaren ondorioz


Asier LEKUE

     Amazoniar oihana arriskuan dago. Horrela erabaki du Brasilgo senatuak. Senatuak oihanerako kode berri bat plazaratu du azken egunetan. Lege honek nekazaritza esplotatzeko bideratutako lurren kilometro kopurua handitzea ahalbidetzen du. Nekazaritza-lurrak handitzearen ondorioz munduko oihanik handienean deforestazio fenomenoa hasi egingo da, oihanaren 700.000 kilometro inguru arriskuan geratuz.
     Gobernuz kanpoko zenbait erakundek neurri honen inguruan beraien kexak agerian utzi dituzte, legea atzera botako ote zen esperantzarekin. Brasilgo gobernuak lege honek herrialdearen ekonomiarengan izango duen inpaktu positiboan oinarritu du. Kontuan izan behar da Brasilek soja, azukre eta bestelako lehengaien esportazioaren ondorioz diru asko fakturatzen duela, eta zentzu honetan Amazonaseko oihana iturri bilakatzen da. Hala ere, argi dago neurri berri honek herrian eztabaida sortuko duela.

martes, 6 de diciembre de 2011

Emakume bat atxilotu dute irain arrazistengatik Londreseko metroan

Sara MATSUTANI

Erresuma Batukoek oraindik harrituta jarraitzen dute sarean zintzilikatu duten bideo baten ondorioz. Bertan, ama gazte bat umea eskuen artean duela, inork ezer esan gabe, irain eta oihu arrazistak esaten hasten da bere inguruko  guztiei Londreseko metroan. Emakumeak duen amorru eta xenofobia guztia inguruan dituen emakume beltzaranen aurka husten du.


Gertaera Croydon-eko metroan jazo da eta emakumeak  “zertan ari da bihurtzen herrialde hau?...beltz eta poloniar izorratu pila batez!” bezalako esaldiak oihukatu ditu. Une luze batez jarraitzen du galdetzen ea nongoak diren inguruan dauden pertsonak “beltz putakumeak” bezalako irainak esanez. Berehala, ordea, eztabaida bat sortzen da lehenengo beltz koloreko emakume bat hasten zaio erantzuten eta jarraian zuri koloreko bat.

Lehendabiziko bideoa Youtuben zintzilikatu eta 124.000 bisita baina gehiago jaso zituen astelehen arratsaldean soilik, bertatik sare sozialetara zabaldu zen eta Twitterrean #MyTramExperience izenarekin eguneko gairik iruzkinduenetariko bat izatera pasa zen.

“The Guardian”-ek dioenez, gaiak horrenbesteko jarraipena izan du 34 urteko emakumea jada atxilotu dutela jarrera arrazista izateagatik.

Gero eta gaixo gehiago eta gazteagoak aurtengo HIESAren nazioarteko egunean

Sara MATSUTANI

HIESaren nazioarteko eguna ospatu da eta gaixotasun honen inguruko sentsibilizazioa bultzatzeko hainbat kontzentrazio eta ekintza egin dituzte. Izan ere, gaixo hauek oraindik gizartearen aurreiritziak eta diskriminazioak jasan behar izaten dituzte.

HIESAren lehen ikerketak egin zirela 30 urte pasa dira jada eta oraindik urtean 2.500 eta 3.500 pertsona inguru gaixotzen dira, beraz, Calcsicova Valentziako HIESAren koordinadorak sentsibilizazio eta prebentzio kanpainen garrantzia azpimarratu du. Baina orain krisia dela eta programa hauekiko kezka sortu da, izan ere, datozen aurrekontu murrizketen aurrean Osasun Kontseiluak 2012. urterako aurreikusi dituen gastuetan ez da horrelako taldeentzako diru laguntzarik agertzen.

Bestalde, HIESA duten pertsonak geroz eta gazteagoak izan ohi dira 13 eta 21 urte bitartekoak. Honi dagokionez, Calcsovako presidenteak dio hau “gaizkiulertu baten ondorioa” dela, izan ere, jendea lasaitu egin dela gaixotasun honen garrantziaren aurrean eta beharrezko neurriak hartzeari utzi diotela. “Tristea da hogeita hamar urte beranduago egunero gutxienez infekzio berri bat egotea eta jendea ez izatea kontziente oraindik kondoia jartzea bezalako gauza sinple baten garrantziaz” dio Calcsovako presidenteak.

Familia espainiarrek gero eta gehiago somatzen dute krisiaren oihartzuna

 Asier LEKUE

     Aberats eta txiroen arteko ezberdintasun ekonomikoak gero eta nabarmenagoak dira, CISek eginiko inkesta batek agerian uzten duen bezala. Talde ekonomiko hauen arteko ezberdintasunak azken 30 urteotako indize maximora iritsi dira, urte osoan zehar “aldapa ekonomiko” batean murgildurik egonik. Horrez gain, aipatu behar da krisi ekonomikoa dela eta inkesta honetan langabeziaren inguruko erreferentziak gora egin dutela.
     Espainiar estatuan 10 familia bakoitzeko seik hilabete bukaerara justu iristen direla aitortzen dute. Inkestatutakoen %14,2ak aurrera egiteko aurrezkiak erabili behar izan dituela aitortzen du, eta %6,6ak zorpetu behar izana izan dutela. Hori dela eta familia espainiarrek gero eta diru gutxiago bideratzen dituzte gainontzeko ondasunak erostera, horrela azken hilabeteotan kotxe ordenagailu edo etxetresna ezberdinen salmentek nabarmen bera eginik.

domingo, 4 de diciembre de 2011

Euskararen nazioarteko egunean egunerokotasunaren aldarria izan da nagusi

Udane MIGELTORENA

Euskal Herriko milaka eta milaka herritarrek ospatu zuten atzo euskararen nazioarteko eguna. Hiriak zein herriak euskaraz sustatzeko ekimenez bete ziren. Gasteizen, esaterako hainbat talde ezagunek kontzertuak eman zituzten Mendizorrotzan.

Donostian aste osoan zabalik egon da Boulevarrean Mintzodromoa eta hainbat pertsonaia ezagun hurbildu dira bertara. Guztira 1.5000 lagun inguru izan dira aste osoan Mintzodroamoan parte hartzen, eta atzo, Gipuzkoako hainbat alorretako ehun bat eragilek parte hartu zuten. Talde txikitan elkartuta ikus zitezkeen futbolariak, politikariak, sukaldariak, idazleak zein musikariak.



Euskal Herri osoan zabaldu zen mezua egunerokotasunarena izan zen. Atzoko egunek euskara sustatzeko balio badute ere, eragile ezberdinek azpimarratu zuten euskara eguneroko aldarri izan behar dela eta etxea, kalea, lana, lagunartea…euskaraz jantzi behar ditugula.

Era berean, 2006az geroztik Eusko Ikaskuntzak urtero antolatzen duen ENE Saria eman da euskara sustatzeko lanetan gehien nabarmendu den kanpoko erakundearentzat. Saria aurten Madrileko Euskal Etxeak jaso du. Madrileko Euskal Etxea irabazteko asmorik gabeko asoziazioa da, 1979an sortu zuten. Madrilen dauden euskaldunak batzeko guneetako bat da. Euskarazko klaseak ematen hasi ziren bertan 1932an.

sábado, 3 de diciembre de 2011

Suizidioaren hipotesiak indarra hartu du 13 urteko mutilaren heriotzean


Udane MIGELTORENA

Ostegunean hilik agertu zen 13 urteko mutilak bere buruaz beste egin zuenaren hipotesiak indarra hartu du, atzo egin zioten autopsiaren arabera. Halere, homizidioa izan daitekeenik ez da baztertzen eta ertzaintzak hildako mutikoaren aitaren bila jarraitzen du.

Herrizaingo Sailak Espainiako Poliziari pasa dio abisua, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egon daitekeelakoan. Gainera, gaur itsasoan eta Pasaia eta Orioko itsasertzean hasi dira aitaren bila.

Donostiako adingabea hilik topatu zuten ostegunean 12:45ean indarkeria zantzuekin. Ertzaintza etxebizitzara joan zenean gaztearen gorpua logela batean zegoen, eta zauri ugari zituen sabelean. Gorpuaren ondoan labana bat zegoen eta gainera, inguruan eta etxebizitzako beste hainbat tokitan odol arrastoak aurkitu zutela baieztatu du Herrizaingo Sailak. Mutikoaren gurasoak banatu berriak ziren eta aitak egun batzuk zeramatzan bere amaren etxean lotan.

Atzo Antigua-Luberrin, mutikoak ikasten zuen ikastetxean, modu askotara ekarri zuten gogora galdutako laguna. Jolas garaian bi mutuko isilunea egin zuten, mezuak idatzi zizkioten… gertatutako ezin sinetsi egon ziren bitartean.

miércoles, 30 de noviembre de 2011


Asier LEKUE

Artur Mas Kataluniako presidentearen erreformak gizartean eztabaidak pizten jarraitzen dute. Azken egunotan Osasuna pribatizatzearen alde egindako proposamenak oposizioaren ezadostasunarekin egin du topo; PSC, Iniciativa per Catalunya eta Ciutatans  alderdiekin bereziki. Masen asmoa errenta maila jakin batetik gora aseguru medikua derrigorrezkoa bihurtzea da, eta Kataluniako osasun enpresak pribatizatu nahi ditu, hauen erabilera ordaintzera derrigortuz.
     Egungo krisi ekonomikoak kataluniar gizartean izaten ari den eragina murritzeko asmoz, hainbat erreforma ekonomiko proposatu dizkio Generalitateko presidenteak Parlamentuari azken hilabeteotan, gehienetan ezadostasunak piztuz bertan. Erreforma hauen  inguruan jasotako kritikak direla eta Masek ez du dudarik izan bere burua defendatzerako orduan, krisi garai honetan Kataluniar hiritarrengatik edozein sakrifizio egiteko prest dagoela adieraziz.