domingo, 18 de diciembre de 2011

Poliki-poliki ametsak eraikitzen

Badira 26 urte Pasai Antxoko gaztetxea sortu zela, bidea ez da beti erraza izan, baina egun sortu zenean bezain bizirik jarraitzen du

Udane MIGELTORENA

Poliki-poliki ametsak eraikitzen, hori da Pasai Antxoko gaztetxeak duela hainbat urte ateratako kamisetetan erabili zuen leloa. Gaztetxeak duela 26 urte ekin zion bideari eta ordutik ez dio ametsak eraikitzeari utzi, batzuk egi bihurtu dira, beste batzuk bidean geratu dira. Baina egun gaztetxea bizirik dago, bide luzea du aurretik eta Antxoko gazteak ametsak eraikitzen jarraitzeko prest daude.


Pasai Antxoko gaztetxearen sorrera 80ko hamarkadan kokatu behar dugu. Franco hil ondorengo garai hauek oso nahasiak izan ziren Euskal Herrian, era guztietako errebindikazioak egiten ziren, mugimendu sozial eta politikoak sortu ziren…Gainera, droga mota guztien mehatxua oso nabarmena zen hamarkada honetan, izan ere, Euskal Herrian, heroinak asko markatu zuen garai hura. Euskal Herriko herriak heroinaz bete ziren eta Pasai Antxo ez zen salbuespena izan. Jimi Oiarbide pasaitarra buru belarri ibili zen Pasai Antxoko gaztetxearen sorreran. Oiarbideren hitzetan, drogen mehatxuak eta garai hartako mugimendu sozio politikoak Antxoko gazteei elkartzeko lekuen beharra sortu zieten. Aldi berean, kultur errebindikazio eta aisiarako ekintzak antolatzera bultzatu zituen garai hartako egoerak.


Oiarbidek kontatu du sentsibilitate sozial eta politikoko hainbat gazte elkartu eta asanbladak sortu zituztela eztabaidarako. Kexaldi elkartean biltzen ziren gazteak eta eztabaidak gaztetxearen helburuaz izaten ziren. Jimik aitortu du ez zela batere erraza izan adostasun minimo batzuetara ailegatzea, izan ere pentsamendu sozial eta politiko ezberdineko gazte asko biltzen ziren. Garai hartako gazteek gogor egin zuten udaletxearen kontra, lehenengo errekonozimendua lortu eta ondoren lokala eskatzeko. Oiarbidek esan duenez, gaztetxea helburu batzuk asetzeko sortu nahi zen, gazteen beharrak zehaztu, aisia eta dibertitzeko “euren” erak defendatu, euskararen presentzia gazteen artean bultzatu eta droga trafikoa salatu, besteak beste. 


Egindako lanak bere fruituak eman zituen eta eztabaidak hasi eta urte batzuen buruan gazte asanbladak antolaturiko afari baterako udaletxeak orduko jubilatuetako (egungo gaztetxeko) giltzak eman zizkieten eta handik aurrera han geratu ziren. Behin gaztetxea eskuratuta txukuntze lanekin hasi ziren eta ordutik aurrera gazteek ekintzaz bete zituzten gaztetxea eta Pasai Antxoko kaleak. Jimik hainbat ekintza gogoratzen ditu, musika kontzertu “itzelak”, hitzaldiak drogari buruz, dantzaldiak, ingurumena eta mugimendu ekologista bultzatzeko ekintzak…


Pasai Antxoko gaztetxeak bere bidea egiten jarraitu zuen geroztik. 26 urtetako bidea arrosaz beteriko bidea izan da, pixkanaka egiten joan dena, polita, baina baita arantzaz beterikoa ere. Ez da beti erraza izan aurrera ateratzea. Irati Migeltorena jada ez dago gazte asanbladan, baina bera asanbladan parte hartzen hasi zen urteak gogoratu ditu. Egoera ez zela oso ona aitortu du, batez ere, helburuak ondo finkatu gabe zeudelako eta bereziki helburu horiek finkatzen lan egin zutela esan du. Helburu nagusia autogestioa zela adierazi du: “Gaztetxea berez, udaletxeak eman ziguten ez zen hain autogestionatua, baina guk nahi genuena zen gure ekintza guztiak guk sortutako ekintzak izatea, ez udaletxeak edo beste edonork gestionatuak izatea.” Beste hainbat helburu ere bazituzten, etxebizitzen inguruan, euskararen inguruan…




Garaiak aldatu badira ere, ekintza batzuk egitea ohitura bilakatu da gaztetxean. San Ferminetako txosna eta gazte eguna, gaztain eguna, inauterietako afaria eta beste hainbat gauza. Ane Salazar gazte asanbladako kide da duela lau bat urte eta esan duenez, gaztetxe baten helburu nagusietako bat gazteen arteko harremana sendotzea da. Gogor lanean ari da gazte asanblada gaztetxeak bere helburu eta erronka guztiak lortzeko. Salazarrek aipatu du gaztetxea ostiral eta larunbatetan “taberna moduan” irekitzen hasi direla. Modu honetan leiho berriak egiteko dirua lortu eta herriarengana iritsi nahi dute gaztetxeko kideek. Anek uste du ari direla pixkanaka beren helburuak lortzen eta optimista agertzen da etorkizunerako. Lanean jarraituko dutela adierazi du, gaztetxe baten ametsak aurrera jarrai dezan.


Bizirik da gaztetxea, 26 urteetan zehar etenaldiak izan badu ere, garai ilunak ezagutu baditu ere, ametsez josirik dago gaztetxea, eta amets horiek errealitate bilakatzeko prest dagoen jende mordoz beterik gainera. Pasai Antxoko gazteek poliki-poliki ametsak eraikitzen jarraituko dute. 
 



Atez ate Zestoan zaborra gutxitzen

Sara MATSUTANI

Erraustegiaren alternatiba aurkitu nahian sortu zen Atez ate taldea

2004an Arroa izendatu zuten Gipuzkoako zaborra bilduko zuen erraustegia egiteko herri posible bezala. Berehala hasi zen herria hitz egiten, aldeko zein kontrako iritziak entzun ziren eta eztabaida guzti horiek errausketan oinarritzen zen zabor kudeaketaren inguruko herri galdeketa batean amaitu ziren. Erraustegia egitearen aurka agertu ziren herritarrak erreferendum horretan eta emaitzari erantzuna eman nahian  sortu zen Atez-ate taldea. Herrian ez du oihartzun handirik izan orain arte talde honek baina ez lan gutxi egin dutelako behintzat, hainbat urte damazkite eta zaborraren arazoari konponbidea eman nahian. Zaborrak kudeatzeko eredu jasangarriago bat definitu eta ezartzea da taldearen helburu nagusia.

“Guretzat nahi ez
duguna Zubietakoentzat ere
ez. Horri irtenbide bat eman
behar zaio, zerbait egin
behar da, ezin da inertzia
horretan sartu eta ezer ez
egin”
LIERNI ARRIETA Atez ate taldeko partaidea

Pixkanaka pixkanaka hasi ziren lanean, lehendabizi zaborraren kudeaketaren inguruan zeuden eredu eta informazio asko aztertu zituzten (kostuak, emaitzak…). 2008an Zestoako hondakinen azterketa egin zuten, herriko gune ezberdinetan sortzen zen zaborraren karakterizazioari zegokionez.

Azterketa horren ondorio nagusia zera izan zela dio Mikel Odriozola taldeko partaideak: "emaitza onak lortzen dituzten sistemek, nolabait esateko, behartu egiten dute herritarra zaborrak modu jasangarrian kudeatzera". Sistema horien artean, besteak beste, atez ateko eta norberak sortu edo birziklatutakoaren araberako zerga politikak daudela ere gehitu du. Esate baterako, zaborrak nahasian jasotzen dituen edukiontzia kentzen bada, herritarrak zaborrak bereiztu eta birziklatzera behartuta daude.

Orduz geroztik, hainbat eztabaida izan dituzte eta konposgintzan aurrerapausoak egin zituzten. Norberak konposta egitearen eta herritarren sentsibilizazioaren aldeko apustua egitea erabaki zuten. Horretarako, urtean zehar egiten diren herri bazkari eta afari guztietan konposta jartzea erabaki zuten eta horrez gain, konposgintza bultzatzeko bitartekoak, konposgintza ikastaroak eta zabor kudeaketaren inguruko hitzaldi bat prestatu zituzten.

Baina benetako pausua legegintzaldi berri honetan ematea espero dute, zaborra kudeatzeko diseinu zehatz bat lantzeko asmoa baitute. Proposamen hau ordea ez dela izango itxia diote taldeko partaideek herritarren iritziak ere kontuan izango baitira. Izan ere, herritarrak euren  ohiturak aldatzera behartuta agertuko dira ziurrenik diseinu berri honetan, gure azterketaren arabera, horregatik herritarren parte-hartze prozesu bat abian jarri beharko litzatekeela uste dute, horrela, behin betiko sistema ezarri aurretik beharrezko hobekuntzak egiteko. Horrez gain, zehaztu beharreko beste hainbat kontu ere badituzte, esaterako, Urola Erdiko mankomunitateak ematen dizkieten zerbitzu eta kostuen berrikuspena, ontzien kudeaketa integratuko sistemetatik letorkeen dirua eskuratzea (ECOEMBES…), zaborrik ez sortzea eta birziklapena sustatzen duten zabor-ordenantzak garatzea etab.
“Zaborraren kudeaketak
daukan garrantziaz gain,
iruditzen zait gaur eguneko
gizarte eredu hau ez dela
jasangarria, eta ezinbesteko
pausua dela kontsumo
ohiturak aldatzen joateko
eta beste eredu
jasangarriago bat jartzeko”
IGOR ODRIOZOLA Atez-ate taldeko partaidea

Diseinua zehazteke dagoen arren badute buruan zerbait Atez ateko partaideek. Zestoarako proposatzen duten sistema orokorrean atez ateko sisteman oinarritu beharko dela ondorioztatu dute. Dena dela, horren barruan aukera asko daudela ere azpimarratu dute, adibidez, atez ate zer eta noiz bildu, zein edukiontzi mantendu, larrialdiko guneak... Eremuaren arabera sistema ezberdinak proposatzea dela onena ere erabaki dute, hau da, herri gunerako edo auzo guztietarako ez litzateke sistema bera izango ezta sortzaile guztietarako ere ez (etxebizitza, baserri, denda, industria…).

viernes, 16 de diciembre de 2011

Bartzelonak golen bitartez lurrazalera itzuli du galaxia zuria

Real Madrilek lehen minutuan markagailuan aurre hartu arren Bartzelonak partidua irauli du talde lanean oinarrituta
Asier Lekue
     Lehengo larunbaten elkarren arteko liga partida jokatu zuten Real Madrilek eta Bartzelonak Santiago Bernabeu futbol zelaian. Espainiar futbolaren partida nagusia, enegarren “mendeko partida”. Jose Mourinhok gidatutako madrildarrak erabat hasiak heldu ziran norgehiagoka atarira, 15 partida erreskadan irabazi eta gero. Gainera, ligako sailkapenean kataluniarrak sei puntu azpitik agertzen ziran, eta askok, oraindik 16. jardunaldian egonagatik, Real Madrilek liga ia-ia erabakia uzteko aukera ikusten zuten.
     Hasiera benetan bitxia izan zuen partidak. Futbolaren inguruko aditu, kazetari, eta analistak hamaika egun talde bien kalitateaz eta gainontzekoenganako nagusitasunaz hitz egiten pasa ondoren huts nabarmen batek hartu zuen berehala protagonismo guztia. Victor Valdes atezainak baloia jokatzeko intentzioarekin Di Mariari eman zion hau eta pare bat errebote ondoren baloia Benzemari heldu zitzaion area txikiaren inguruan, gupidarik gabe atezain kataluniarra fusilatuz. Lehen minutua bete gabe oraindik eta jada Real Madril aurretik zen. Golak eraginda lehen 30 minutuetan Madrila Barça baino askoz indartsuago azaldu zen, presioan oinarrituz blaugranen jokoa itoz. Zurien minutu onenak izan ziran, eta Cristiano Ronaldok berak ohiko ez duen eran bigarrena barkatu zuen.
     Baina Pep Guardiola maisuak bazekien zer egin, eta bere mutikoak berrantolatuz 30. minututik aurrera partiduaren jabe egin zuen bere taldea. Momentu horretan berdindui zuen Bartzelonak partida, 29. Minutuan hain zuzen. Messik zelai erdian baloia hartu zuen eta berak ohikoak dituen jokaldi miresgarri hoprietako bat egin eta gero sakonean eman zion Alexis txiletarrari, honek Casillasen aurrean maisuki bukatuz. Ordutik aurrera kataluniarrek izan ziren partidaren jabe eta Xavik 52. Minutuan ezarri zuen 1-2koa, bere jaurtiketa Marceloren gorputza jo eta ondoren desbideratuz, atezainarentzat geldiezina bilakatuz. Hala ere, Real Madrilek berdinketa lortzeko aukera izan zuen, baina Ronaldok ez zuen buruz asmatu ate oso beretzat zuenean. Hortik gutxira, 65. Minutuan, Bartzelonaren kontraeraso bikain bat ezin hobeto definitu zuen Cesc Fabregasek buruz, Alvesen erdiraketa bikain baten ondoren. Bertan bukatu zen partida, eta esanak esan, Bartzelonak Real Madril baino talde hobea izaten jarraitzen duela argi utzi zuen, zalantza guztiak ukatuz.


jueves, 15 de diciembre de 2011

Bartzelona jaun eta jabe merengeen etxean

Udane MIGELTORENA

Larunbatean Santiago Bernabeun zen klasikoaren zita eta FC Bartzelonak beste behin bere onena atera zuen Real Madrilen aurrean. Lehen gola Mourinhoren mutilek sartu bazuten ere, Barçak berehala eman zion buelta egoerari, Messi bikain bati eta Alexis, Xavi, eta Cesc-en golei esker. Bigarren zatian bera izan zen jaun eta jabe eta amaierako emaitzetan hori argi islatu zen.

Partida gorabehatsu hasi zen blaugranentzat, hasi eta berehala, 22.segunduan, Benzemak gola sartu baitzuen Valdesen akats bati esker. Honek Abidali pasa nahi izan zion baloia, baina Di Maria sartu zen erdian eta Ozilek baloia jaurti, Busquets-i jo eta Benzema-k atera jaurti zuen markagailua estreinatuz.

Halere, Bartzelonak ez zuen etsi eta gogotsu jarraitu zuen borrokan. Horrela, 6.minutuan partiduko bigarren gola izan zitekeena jaurti zuen Messik. Baina txurien atazaina abil ibili zen eta enpatera iristea sahiestu zuen.

Guardiolaren aldaketak zirela eta, Alexis atakeko hiru postuetan ibili zen. Erdiko postuan zegoela, Messiren asistentzia aprobetxatu zuen, hiru txuri alboratu ondoren, Ikerrekin aurrez aurre geratzeko. Horrela, 30.minutuan partidako 2. gola iritsi zen, markagailua enpatean ipiniz.

Bigarren zatian blaugranak gailendu ziren. Zati hau hasi eta 7 minutura, Xavik Barça-ren bigarren gola sartu zuen. Talde zuria urduri zegoen eta Bartzelonak hori aprobetxatuz jokatu zuen 2.zatia. 65.minutuan Mourinhoren mutilak lur jota geratu ziren Cesc-ek buruz sartutako golarekin. Real Madril indarkeriarekin jokatzen hasi zen, baina arbitroak Ramos, Pepe eta Coentraori txartel gorria barkatu zien. Azkenean 3-1 geratu zen markagailua.

Barçarentzat hiru puntuak oso garrantzitsuak izan ziren, orain Madrilen parera iritsi baita 37 punturekin eta ligako buru bihurtu da, baina Real Madrilek partida bat gutxiago jokatu du.


martes, 13 de diciembre de 2011

Leioako neskatoari sexu erasoak egiteagatik leporatuta kartzelan dago jada gizona

Sara MATSUTANI

Joan den asteburuan Leioan hamar urteko neskato bati sexu erasoak egitea egotzi dioten gizonezkoa epaia eman bitartean Basauriko espetxean sartu dute. Epailearen aurrean lehen deklarazioak egin ondoren gizona kartzelara sartzea erabaki du epaileak.

45 urte ditu atxilotutako gizonak eta hemezortzi urte aurrerago ere kartzelan egona da andrazko bat bortxatzea leporatuta. Horrez gain, poliziak esan duenaren arabera bestelako salaketak ere baditu genero indarkeriarekin zerikusia dutenak.

Ezbeharra larunbatean gertatu zen eta gizona larunbat iluntzean atxilotu zuten bere etxean, Leioan. Bizilagunek esan dutenaren arabera, hamar urteko neskato bat ikusi zuen gizonak etxeko atarian, etxebizitzaren trastelekura eraman zuen eta han itxi zuen. Neskatoaren gurasoak alaba etxera itzultzen ez zela ohartu bezain laster bere bila hasi eta akusatuaren etxeko atarian neskatoaren jantzi bat topatu zuten. Ez oso urruti, gizonezkoa aurkitu zuten labana eskuetan zuela, bizilagunak kontra egitera joan eta labanarekin zauritu zen gizona. Larrialdietako langileek bertan artatu zuten eta erietxera eraman. Osatuta, epailearen aurrean agertu zen, honek behin-behineko espetxeratu duelarik. 

Osakidetzak Errioxako gaixo gehiago artatuko ditu

Sara MATSUTANI

Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Jose Ignacio Nieto Errioxako Gobernuko Osasun kontseilaria elkartu dira Errioxa eta EAEko osasun arazoari buruz hitz egiteko. Bilera horretan Osakidetzak artatu ohi dituen baino Errioxako gaixo gehiago artatuko dituela hitzartu dute. Gainera, Errioxan egiten ez dituzten hainbat espezialitate eta proba egiteko aukera izango dute Errioxako biztanleek Osakidetzan. Modu horretan, Arabako Errioxako biztanleek Logroñoko eritegian artatzeari uzteagatik piztu zen krisiarekin amaitu ahal izango dute.

Bi administrazioen arteko gatazkak ia hiru hilabete iraun ditu, baina azkenean heldu dira akordio batera Errioxako hiriburuan, Logroñon, izandako bileran. Akordio hori ordea behin-behineko ituna da, behin betikoa otsailaren 29rako adostu beharko baitute Bengoak eta Nietok.

Osakidetzak Errioxakoentzat berriak diren zerbitzuak eskainiko dizkie bertako biztanleei, hala nola, lipoditrofiak, loditasun eta garuneko ebakuntzak, kirurgia plastikoa, umeentzako oftamologia eta epilepsia kasuak. Aurretik zerbitzu hauek soilik osasun zentro pribatuak eskaintzen baitzizkieten errioxarrei eta hauek Errioxako Gobernuak ordaindu behar izaten baitzituen. Bestalde, berriak ez diren zerbitzuetan gaixo kopurua handituko dela ere adostu dute. Dena den, behin betiko akordioan sailburuek ez dute baztertzen Errioxako gaixoentzat zerbitzu gehiagorako sarbidea bermatzea, hala nola, Errioxako abortuak Osakidetzan egiteko aukera.