domingo, 2 de octubre de 2011

Denok Azpeitira KLIK egitera

Jada guztia prest dago Kilometroak 2011 jairako. Aurtengoan Ikasberri ikastolak KLIK bat egitera gonbidatu digute  Azpeitira. Giro ona eta jendetza espero dira iganderako, kopuruetan esanda beldurtzeko horietakoa, 100.000 pertsona. Goizeko 9:00etan irekiko dute sei guneetan banatutako zirkuitua eta horietan bazkariak, edariak, eta hainbat ekitaldi egongo dira adin guztietako jendearentzat.

Egun osoan zehar festa giroa izango da Azpeitiko kaleetan. Hainbat kontzertu, antzerki eta ekitaldiez josia dago igandeko egitaraua heldu, gazte zein txikitxoenentzat. Sei guneetan banatuko dute zirkuitua: Ikastola, Garmendipe, Goena, Loiolatxo, Loiola eta Herriko Plaza. Garmendipen gainera aukera izango dute egun horretan bertan jolasten den derbya zuzenean ikusteko Reala eta Athletiken artean. Pantaila erraldoia jarriko dute bertan eta zirkuituan zehar beste pare bat ere jarriko dituztela esan dute.

Igandean Azpeitian izango den festa giroak Azpeitiko Ikasberri ikastolari laguntzea du helburu. Ikasberri ikastolak 1995-1996ko ikasturtean egin zituen lehendabiziko urratsak. 450 ikasle aritzen dira egun zentroan, eta Haur Hezkuntzatik Batxilergorainoko eskaintza du. Kezka nagusi bat dute azkenaldian: leku falta. Eraikin gehiago behar dituzte, eta horiek egitera bideratu nahi dute jaiaren bidez lortuko duten dirua. . «Administrazioen finantzaketa planak motz eta zaharkituta geratu zaizkigu. Gainera, urte gutxi barru ez gara egungo eraikinean sartuko. Behar ekonomikoak handiak dira. Ikastolen proiektu berritzailea zabaltzen jarraitzeko erronka era badugu, eskualdean bakarra baitago», azaldu du Aitor Unanuek, Ikasberri ikastolako lehendakariak 

jueves, 29 de septiembre de 2011

Larunbatean AHTren aurka mobilizatzeko deia egin du AHT Gelditu! Elkarlanak

“Urbina berreskuratu, AHT Gelditu! Epaiketarik ez!” lemapean burutuko dira mobilizazioak. 2009ko Urbinako manifestaldian atxilotu zituzten AHTren kontrako ekintzaileen aurkako epaiketa salatzeko helburuarekin. Goizeko 10:30etan oinezkoen martxa bat abiatuko da Urbinatik eta arratsaldeko 6etan manifestazioa Gasteizeko Bilbao plazatik abiatuko da.

Urriaren 5ean Gasteizko Epaitegian sei pertsona epaituko dituzte 2009an Urbinan AHTren aurkako manifestaldian gertaturiko istiluengatik. Hauei elkartasuna adierazteko eta gertatutakoa salatzeko da, hain zuzen ere larunbateko manifestazio eta martxa. Bi hauez gain, jada abian den autoinkulpazio kanpaina masiboa ere antolatu du Elkarlanak. Ibilbidearen hasieran, AHT Gelditu! Elkarlanak Urbinako herritarrak omenduko ditu, bide luzea egin baitute AHTri aurre egiten.

Izan ere, Urbinan bertan hasi zituzten lanak, eta AHT Gelditu! Elkarlanaren arabera, herri honetako bizilagunak azpiegitura horren guztiz kontra daudela adierazten omen dute egindako herri galdeketaren emaitzek.

Urriaren 5ean epaituko dituztenentzat 2 eta 4 urte bitarteko espetxe zigorra eskatu dute eta hori saihesteko antolatu du autoinkulpazio kanpaina AHT Gelditu! Elkarlanak. “Geure egin nahi ditugu sei atxilotuei leporatzen zaizkien delituak, berdin-berdin atxilotu gintzaketen-eta beste ehunka pertsona ere egun hartan Urbinan” dio AHTren aurkako koordinadorak. 

Ezker abertzaleak eta Aralarrek bat egin dute etzi Gasteizen AHTaren aurka egingo den manifestazioarekin. Ezker abertzaleak AHTaren lanak gelditzeko adina argudio badirela uste du. Era berean, poliziak egun hartan egindako jazarpena eta bortizkeria salatu ditu Aralarrek.




martes, 27 de septiembre de 2011

Irakasle postuen murrizketa salatzeko manifestazio jendetsua izan da Baionan

Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan greba deitu dute gaur Frantziako Gobernuak egin dituen murrizketak salatzeko asmoz. Intersindikalak eta FERC-CGT, FSU, SGEN CFDT eta UNSA Education taldeak izan dira greba deitu dutenak. LABek ere deialdiarekin bat egin du. Hau bat dator beste sindikatuek egin duten eskaerarekin. Baina horrez gain, euskararen irakaskuntzarako baliabideen emendatzea eskatzen du.

Sindikatuen arabera grebaren jarraipena %75ekoa izan da Pirinio Atlantiko Departamentuan. Baina ikuskaritzaren arabera greba irakasleen %40ak jarraitu du. Greba deialdia hezkuntza publikoko ikastetxei zuzendua bazen ere, ikastetxe pribatuetako langile asko grebara atera dira gaur Ipar Euskal Herrian.

Goizeko 10:30ean elkarretaratzea egin dute Baionan burtsaren aurrean eta 11:00etan manifestazioa abiatu da. Manifestazioan irakasleak nagusitzen baziren ere haurrak eta gurasoak ere ibili dira kalez kale. Sindikatuak blokeetan joan dira, Gararen arabera LABena izan da jendetsuena. "Kalitatezko hezkuntzaren alde, murrizketarik ez" leloa zuen pankartaren atzean joan dira sindikatu abertzalearen jarraitzaileak. Intersindikalaren multzoa, berriz, frentsesez "Herrialde bat, eskola bat, gure etorkizuna" zioen pankartaren atzean joan da.

Sindikatuek astartean egindako agerraldian Frantziako Hezkuntza Ministerioari hurrengo aurrekontuetan beste logika bat ezartzea eta hezkuntza sistemaren eraldaketa demokratikoa eskatu zioten. Aurten 29 irakasle lanpostu kendu dituzte departamenduan, eta azken lau urteetan 70 lanpostu guxtxiago daude. Gainera, 16.000 lanpostu gutxiango aurreikusi ditu Gobernuak ikasturte berrirako, 60.000 ikasle gehiago izango zirela jakin arren.

domingo, 25 de septiembre de 2011

Kukutza eraitsia, baina bizirik

Tentsioz betetako astea izan da Errekalde auzoko herritarrentzat. Joan den astean Ertzaintzak eraiste agindua jaso zuenetik, mobilizazio ugari izan dira Errekalde auzoan. Astearte gauen ertzaintza Kukutza gaztetxea desalojatzen hasi zen eta hurrengo egunetan egindako protestetan gogor aritu zen. Ostiral eguerdian Kukutza III gaztetxeak irauteko itxaropen guztia desagertu zen, epaileak eraisteko baimena geldiarazteko agindua bertan behera utzi zuenean. Ostiralean bertan milaka herritarren etxea izandako gaztetxea eraitsi zuten.
 


Atzo ere goraino bete zen Errekaldeko plaza Kukutzako kideek egindako deialdiari erantzunez. Azken egunetan ez bezala, erantzun erabat baketsua izan zuen deialdiak, gaztetxeko kideek horrela eskatuta: “Errekaldeko bizilagunek ez dute horrelako istilurik eta egoerarik merezi, Ertzaintzak zirikatu arren ez gara beraien jokoan jausiko”. Behin eta berriz eskertu zuten azken egunotan jasotako babes guztia, Errekaldeko bizilagunetatik hasi eta nazioarteko hainbat eta hainbat kideetaraino.

Mezua argia zen: “Kukutzak bizirik dirau, eta indartu egin gaituzte gainera”. Golpe honetatik errekuperatu bezain laster beste proiektu batean gogotsu murgilduko direla adierazi zuten, “herritarren ilusioak ez dituztelako eraikinak legez suntsituko”.

Azken deialdi bat ere luzatu nahi izan zuten. Senda-agiriak, testigantzak, argazkiak… Indar polizialen “basakeria” erakusten duen edozein datu jasotzen hasiak dira, eta guztien laguntza eskatu zuten ahalik eta bilduma zabalena osatzeko. Horretarako, edukiak kukutza@gmail helbide elektronikora bidaltzeko edo Errekaldeko herriko tabernan uzteko eskatu zuten.

Hamar urteko luzapena eskuratu du Ascó-ko zentral nuklearrak

     Industria, turismo eta merkataritza ministerioak Ascó-ko zentral nuklearraren bizitza hamar urtez luzatzea erabaki du. Joaneko uztailean eginiko azterketaren ondoren, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak Tarragonako zentralaren aldeko txostena garatu zuen, honek segurtasun neurriak zehaztazunez betetzen zituela aldarrikatuz. SNKak zentralak bete beharreko bederatzi muga eta baldintza proposatu ditu, honen funtzionamendu egokia bermatzeko asmoarekin, beste hainbat argibidez gain. Berriztapen honekin zentralak 2021 urteraino gutxienez zabalik iraungo du.
     Zentral nuklear hau Tarragonako Ascó udalerrian kokatzen da (Katalunia), Ebroren ibaiertzean. Zentral hau 1971. urtean izan zen eraikia, eta 1984ean jarri zen martxan. Bi erreaktorez dago osatua zenral kataluniarra, Endesa eta Iberdrola konpainien artean anatzen direnak, nahiz eta lehenak izan zatirik handiena.
     Lizentzia luzapen hau energia nuklearraren inguruan eztabaida biziak dauden unean iritsi da, izan ere ezaguna da Japonian gertatu izandako krisi nuklearrak munduan izan duen oihartzuna. Horrez gain, aipagarria da energia nuklearrari buruz estatu espainiarrean dagoen eztabaida, Santa Maria de Garoñan (Burgos) aurkituz adibiderik garbiena.  Argi dago interes kontrajarriak daudela zentral nuklearren inguruan, batzuk protesta egiten duten bitartean beste batzuk egoerarekin oso gustora baitaude. Hala ere, egoerak egoera, Ascó-ko zentral nuklearrak gutxienez beste 10 bat urtez iraungo du zabalik, 2021erarte hain zuzen

Arabia Saudiko emakumeek datorren hauteskundeetan parte hartzeko aukera izango dute

Munduko herrialde bakarra da  non emakumeek emakume izateagatik soilik sufragio eskubidea galtzen duten, baina antza denez, hemendik lau urtera bitartean hau aldatu egingo da. Arabia Saudiko errege Abdalak adierazi du datozen udal hauteskundeetan emakumeek boto eskubidea izango dutela eta hauteskundeetara aurkeztu ahalko direla.

Sorpresaren aurrean herriko aktibistek optimismoz jaso dute albistea baina arretatsu azaldu dira erregearen hitzen aurrean. Eman al Nafjan, Arabia Saudiko kazetari ezagun batek esan du zoragarria dela eta benetan garrantzitsua eman den pausua baina ezin dela seriotasunez hartu behin praktikara eraman arte. Aurreko hauteskundeetan berdina egin baitzuen eta hurrengo ostegunean berriz gizonek soilik joan zezaketen botoa ematera.

Ghada al Tobaishi negozioetako emakumeak ere dio albistea zoragarria dela baina oraindik ez dela nahikoa nahiz eta aurretik zutena baina zerbait hobea izan. Gezurra badirudi ere, Arabia Saudi munduko herrialde bakarra da emakumeek debekatuta dutena gidatzea eta are eta gehiago, ezin dute bidaiatu, lan egin ala operatu beraien gizon, aita ala gizonezko baten bahimenik gabe.

Bertako emakume kontserbadore batek, Omaima al Jalafmak, ere bere adostasuna erakutsi du aldaketa honen aurrean. “Gure erregearengan sinesten dugu eta harro sentitzen gara bere erabakiaz, orain ordea emakumeek erronka onartu eta Arabia Saudiko biztanleei erakutsi behar diete erantzukizunaren jabe egiteko gai direla” dio Omaimak.

Monumentaleko azken zekorketa

Iritsi zaio amaiera zezenketari Katalunian. Iazko irailaren 28an Kataluniako Legebiltzarrak erabaki zuen moduan, 2012tik aurrera debekatuta daude zekorketak Katalunian. Beraz, modu horretan igandean, herriko jaiekin batera, ospatu da azkena Monumentalean.

Zezenzaleen tristura eta zezenketen aurka daudenen poza bildu dira igande goizean Monumental aurrean. Aurreko alditan ez bezala oraingo honetan ez da istilurik sortu. Berrehun  bat zezenzale Monumental aurrean sarrera erosteko zain zeuden bitartean zezenketen aurka dauden hogeita hamar bat pertsona Gran Viaren bestaldean kokatu dira xanpain botilekin txin-txin eginez zezenketen amaiera ospatzeko. Aida Gascon, AnimaNaturaleseko zuzendariak ordea, argi utzi du hau ez dela amaiera, oraindik borrokatzen jarraitu behar dutela animalien torturarekin amaitzeko correbous bezalako festetan.

Jose Tomas toreatzailea izan da Monumentala ixtearen arduraduna Juan Mora eta Serafin Marinekin batera. Jose Tomasek zekorketa bat duen aldiro gertatzen den moduan oraingo honetan ere nola ez sarrera guztiak agortzea lortu du. Sarrerak saltzen jarri eta berehala agortu dira eta igande goizean saltzeko gordeta zeuden sarreren %5a eskuratzeko zezenzaleak hiru egunez egon dira lurrean lotan.

Xabier Trigas (CIU) Bartzelonako alkateak jakinarazi zuen moduan ez da udaleko ordezkaririk joan eta ezta ere CIUkorik. Zezenketak bukatzea prozesu logiko bat bezala ulertzen du, gero eta jende gutxiago joaten delako ikustera, Jose Tomas jauna aritzen denean salbu. Legebiltzarrak berriz, XXI. mendean zezenketak debekatu izana ere logikoa dela adierazi du.