martes, 13 de diciembre de 2011

Osakidetzak Errioxako gaixo gehiago artatuko ditu

Sara MATSUTANI

Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Jose Ignacio Nieto Errioxako Gobernuko Osasun kontseilaria elkartu dira Errioxa eta EAEko osasun arazoari buruz hitz egiteko. Bilera horretan Osakidetzak artatu ohi dituen baino Errioxako gaixo gehiago artatuko dituela hitzartu dute. Gainera, Errioxan egiten ez dituzten hainbat espezialitate eta proba egiteko aukera izango dute Errioxako biztanleek Osakidetzan. Modu horretan, Arabako Errioxako biztanleek Logroñoko eritegian artatzeari uzteagatik piztu zen krisiarekin amaitu ahal izango dute.

Bi administrazioen arteko gatazkak ia hiru hilabete iraun ditu, baina azkenean heldu dira akordio batera Errioxako hiriburuan, Logroñon, izandako bileran. Akordio hori ordea behin-behineko ituna da, behin betikoa otsailaren 29rako adostu beharko baitute Bengoak eta Nietok.

Osakidetzak Errioxakoentzat berriak diren zerbitzuak eskainiko dizkie bertako biztanleei, hala nola, lipoditrofiak, loditasun eta garuneko ebakuntzak, kirurgia plastikoa, umeentzako oftamologia eta epilepsia kasuak. Aurretik zerbitzu hauek soilik osasun zentro pribatuak eskaintzen baitzizkieten errioxarrei eta hauek Errioxako Gobernuak ordaindu behar izaten baitzituen. Bestalde, berriak ez diren zerbitzuetan gaixo kopurua handituko dela ere adostu dute. Dena den, behin betiko akordioan sailburuek ez dute baztertzen Errioxako gaixoentzat zerbitzu gehiagorako sarbidea bermatzea, hala nola, Errioxako abortuak Osakidetzan egiteko aukera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario