domingo, 25 de septiembre de 2011

Kukutza eraitsia, baina bizirik

Tentsioz betetako astea izan da Errekalde auzoko herritarrentzat. Joan den astean Ertzaintzak eraiste agindua jaso zuenetik, mobilizazio ugari izan dira Errekalde auzoan. Astearte gauen ertzaintza Kukutza gaztetxea desalojatzen hasi zen eta hurrengo egunetan egindako protestetan gogor aritu zen. Ostiral eguerdian Kukutza III gaztetxeak irauteko itxaropen guztia desagertu zen, epaileak eraisteko baimena geldiarazteko agindua bertan behera utzi zuenean. Ostiralean bertan milaka herritarren etxea izandako gaztetxea eraitsi zuten.
 


Atzo ere goraino bete zen Errekaldeko plaza Kukutzako kideek egindako deialdiari erantzunez. Azken egunetan ez bezala, erantzun erabat baketsua izan zuen deialdiak, gaztetxeko kideek horrela eskatuta: “Errekaldeko bizilagunek ez dute horrelako istilurik eta egoerarik merezi, Ertzaintzak zirikatu arren ez gara beraien jokoan jausiko”. Behin eta berriz eskertu zuten azken egunotan jasotako babes guztia, Errekaldeko bizilagunetatik hasi eta nazioarteko hainbat eta hainbat kideetaraino.

Mezua argia zen: “Kukutzak bizirik dirau, eta indartu egin gaituzte gainera”. Golpe honetatik errekuperatu bezain laster beste proiektu batean gogotsu murgilduko direla adierazi zuten, “herritarren ilusioak ez dituztelako eraikinak legez suntsituko”.

Azken deialdi bat ere luzatu nahi izan zuten. Senda-agiriak, testigantzak, argazkiak… Indar polizialen “basakeria” erakusten duen edozein datu jasotzen hasiak dira, eta guztien laguntza eskatu zuten ahalik eta bilduma zabalena osatzeko. Horretarako, edukiak kukutza@gmail helbide elektronikora bidaltzeko edo Errekaldeko herriko tabernan uzteko eskatu zuten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario