viernes, 16 de diciembre de 2011

Bartzelonak golen bitartez lurrazalera itzuli du galaxia zuria

Real Madrilek lehen minutuan markagailuan aurre hartu arren Bartzelonak partidua irauli du talde lanean oinarrituta
Asier Lekue
     Lehengo larunbaten elkarren arteko liga partida jokatu zuten Real Madrilek eta Bartzelonak Santiago Bernabeu futbol zelaian. Espainiar futbolaren partida nagusia, enegarren “mendeko partida”. Jose Mourinhok gidatutako madrildarrak erabat hasiak heldu ziran norgehiagoka atarira, 15 partida erreskadan irabazi eta gero. Gainera, ligako sailkapenean kataluniarrak sei puntu azpitik agertzen ziran, eta askok, oraindik 16. jardunaldian egonagatik, Real Madrilek liga ia-ia erabakia uzteko aukera ikusten zuten.
     Hasiera benetan bitxia izan zuen partidak. Futbolaren inguruko aditu, kazetari, eta analistak hamaika egun talde bien kalitateaz eta gainontzekoenganako nagusitasunaz hitz egiten pasa ondoren huts nabarmen batek hartu zuen berehala protagonismo guztia. Victor Valdes atezainak baloia jokatzeko intentzioarekin Di Mariari eman zion hau eta pare bat errebote ondoren baloia Benzemari heldu zitzaion area txikiaren inguruan, gupidarik gabe atezain kataluniarra fusilatuz. Lehen minutua bete gabe oraindik eta jada Real Madril aurretik zen. Golak eraginda lehen 30 minutuetan Madrila Barça baino askoz indartsuago azaldu zen, presioan oinarrituz blaugranen jokoa itoz. Zurien minutu onenak izan ziran, eta Cristiano Ronaldok berak ohiko ez duen eran bigarrena barkatu zuen.
     Baina Pep Guardiola maisuak bazekien zer egin, eta bere mutikoak berrantolatuz 30. minututik aurrera partiduaren jabe egin zuen bere taldea. Momentu horretan berdindui zuen Bartzelonak partida, 29. Minutuan hain zuzen. Messik zelai erdian baloia hartu zuen eta berak ohikoak dituen jokaldi miresgarri hoprietako bat egin eta gero sakonean eman zion Alexis txiletarrari, honek Casillasen aurrean maisuki bukatuz. Ordutik aurrera kataluniarrek izan ziren partidaren jabe eta Xavik 52. Minutuan ezarri zuen 1-2koa, bere jaurtiketa Marceloren gorputza jo eta ondoren desbideratuz, atezainarentzat geldiezina bilakatuz. Hala ere, Real Madrilek berdinketa lortzeko aukera izan zuen, baina Ronaldok ez zuen buruz asmatu ate oso beretzat zuenean. Hortik gutxira, 65. Minutuan, Bartzelonaren kontraeraso bikain bat ezin hobeto definitu zuen Cesc Fabregasek buruz, Alvesen erdiraketa bikain baten ondoren. Bertan bukatu zen partida, eta esanak esan, Bartzelonak Real Madril baino talde hobea izaten jarraitzen duela argi utzi zuen, zalantza guztiak ukatuz.


No hay comentarios:

Publicar un comentario