domingo, 18 de diciembre de 2011

Atez ate Zestoan zaborra gutxitzen

Sara MATSUTANI

Erraustegiaren alternatiba aurkitu nahian sortu zen Atez ate taldea

2004an Arroa izendatu zuten Gipuzkoako zaborra bilduko zuen erraustegia egiteko herri posible bezala. Berehala hasi zen herria hitz egiten, aldeko zein kontrako iritziak entzun ziren eta eztabaida guzti horiek errausketan oinarritzen zen zabor kudeaketaren inguruko herri galdeketa batean amaitu ziren. Erraustegia egitearen aurka agertu ziren herritarrak erreferendum horretan eta emaitzari erantzuna eman nahian  sortu zen Atez-ate taldea. Herrian ez du oihartzun handirik izan orain arte talde honek baina ez lan gutxi egin dutelako behintzat, hainbat urte damazkite eta zaborraren arazoari konponbidea eman nahian. Zaborrak kudeatzeko eredu jasangarriago bat definitu eta ezartzea da taldearen helburu nagusia.

“Guretzat nahi ez
duguna Zubietakoentzat ere
ez. Horri irtenbide bat eman
behar zaio, zerbait egin
behar da, ezin da inertzia
horretan sartu eta ezer ez
egin”
LIERNI ARRIETA Atez ate taldeko partaidea

Pixkanaka pixkanaka hasi ziren lanean, lehendabizi zaborraren kudeaketaren inguruan zeuden eredu eta informazio asko aztertu zituzten (kostuak, emaitzak…). 2008an Zestoako hondakinen azterketa egin zuten, herriko gune ezberdinetan sortzen zen zaborraren karakterizazioari zegokionez.

Azterketa horren ondorio nagusia zera izan zela dio Mikel Odriozola taldeko partaideak: "emaitza onak lortzen dituzten sistemek, nolabait esateko, behartu egiten dute herritarra zaborrak modu jasangarrian kudeatzera". Sistema horien artean, besteak beste, atez ateko eta norberak sortu edo birziklatutakoaren araberako zerga politikak daudela ere gehitu du. Esate baterako, zaborrak nahasian jasotzen dituen edukiontzia kentzen bada, herritarrak zaborrak bereiztu eta birziklatzera behartuta daude.

Orduz geroztik, hainbat eztabaida izan dituzte eta konposgintzan aurrerapausoak egin zituzten. Norberak konposta egitearen eta herritarren sentsibilizazioaren aldeko apustua egitea erabaki zuten. Horretarako, urtean zehar egiten diren herri bazkari eta afari guztietan konposta jartzea erabaki zuten eta horrez gain, konposgintza bultzatzeko bitartekoak, konposgintza ikastaroak eta zabor kudeaketaren inguruko hitzaldi bat prestatu zituzten.

Baina benetako pausua legegintzaldi berri honetan ematea espero dute, zaborra kudeatzeko diseinu zehatz bat lantzeko asmoa baitute. Proposamen hau ordea ez dela izango itxia diote taldeko partaideek herritarren iritziak ere kontuan izango baitira. Izan ere, herritarrak euren  ohiturak aldatzera behartuta agertuko dira ziurrenik diseinu berri honetan, gure azterketaren arabera, horregatik herritarren parte-hartze prozesu bat abian jarri beharko litzatekeela uste dute, horrela, behin betiko sistema ezarri aurretik beharrezko hobekuntzak egiteko. Horrez gain, zehaztu beharreko beste hainbat kontu ere badituzte, esaterako, Urola Erdiko mankomunitateak ematen dizkieten zerbitzu eta kostuen berrikuspena, ontzien kudeaketa integratuko sistemetatik letorkeen dirua eskuratzea (ECOEMBES…), zaborrik ez sortzea eta birziklapena sustatzen duten zabor-ordenantzak garatzea etab.
“Zaborraren kudeaketak
daukan garrantziaz gain,
iruditzen zait gaur eguneko
gizarte eredu hau ez dela
jasangarria, eta ezinbesteko
pausua dela kontsumo
ohiturak aldatzen joateko
eta beste eredu
jasangarriago bat jartzeko”
IGOR ODRIOZOLA Atez-ate taldeko partaidea

Diseinua zehazteke dagoen arren badute buruan zerbait Atez ateko partaideek. Zestoarako proposatzen duten sistema orokorrean atez ateko sisteman oinarritu beharko dela ondorioztatu dute. Dena dela, horren barruan aukera asko daudela ere azpimarratu dute, adibidez, atez ate zer eta noiz bildu, zein edukiontzi mantendu, larrialdiko guneak... Eremuaren arabera sistema ezberdinak proposatzea dela onena ere erabaki dute, hau da, herri gunerako edo auzo guztietarako ez litzateke sistema bera izango ezta sortzaile guztietarako ere ez (etxebizitza, baserri, denda, industria…).

No hay comentarios:

Publicar un comentario