domingo, 18 de diciembre de 2011

Poliki-poliki ametsak eraikitzen

Badira 26 urte Pasai Antxoko gaztetxea sortu zela, bidea ez da beti erraza izan, baina egun sortu zenean bezain bizirik jarraitzen du

Udane MIGELTORENA

Poliki-poliki ametsak eraikitzen, hori da Pasai Antxoko gaztetxeak duela hainbat urte ateratako kamisetetan erabili zuen leloa. Gaztetxeak duela 26 urte ekin zion bideari eta ordutik ez dio ametsak eraikitzeari utzi, batzuk egi bihurtu dira, beste batzuk bidean geratu dira. Baina egun gaztetxea bizirik dago, bide luzea du aurretik eta Antxoko gazteak ametsak eraikitzen jarraitzeko prest daude.


Pasai Antxoko gaztetxearen sorrera 80ko hamarkadan kokatu behar dugu. Franco hil ondorengo garai hauek oso nahasiak izan ziren Euskal Herrian, era guztietako errebindikazioak egiten ziren, mugimendu sozial eta politikoak sortu ziren…Gainera, droga mota guztien mehatxua oso nabarmena zen hamarkada honetan, izan ere, Euskal Herrian, heroinak asko markatu zuen garai hura. Euskal Herriko herriak heroinaz bete ziren eta Pasai Antxo ez zen salbuespena izan. Jimi Oiarbide pasaitarra buru belarri ibili zen Pasai Antxoko gaztetxearen sorreran. Oiarbideren hitzetan, drogen mehatxuak eta garai hartako mugimendu sozio politikoak Antxoko gazteei elkartzeko lekuen beharra sortu zieten. Aldi berean, kultur errebindikazio eta aisiarako ekintzak antolatzera bultzatu zituen garai hartako egoerak.


Oiarbidek kontatu du sentsibilitate sozial eta politikoko hainbat gazte elkartu eta asanbladak sortu zituztela eztabaidarako. Kexaldi elkartean biltzen ziren gazteak eta eztabaidak gaztetxearen helburuaz izaten ziren. Jimik aitortu du ez zela batere erraza izan adostasun minimo batzuetara ailegatzea, izan ere pentsamendu sozial eta politiko ezberdineko gazte asko biltzen ziren. Garai hartako gazteek gogor egin zuten udaletxearen kontra, lehenengo errekonozimendua lortu eta ondoren lokala eskatzeko. Oiarbidek esan duenez, gaztetxea helburu batzuk asetzeko sortu nahi zen, gazteen beharrak zehaztu, aisia eta dibertitzeko “euren” erak defendatu, euskararen presentzia gazteen artean bultzatu eta droga trafikoa salatu, besteak beste. 


Egindako lanak bere fruituak eman zituen eta eztabaidak hasi eta urte batzuen buruan gazte asanbladak antolaturiko afari baterako udaletxeak orduko jubilatuetako (egungo gaztetxeko) giltzak eman zizkieten eta handik aurrera han geratu ziren. Behin gaztetxea eskuratuta txukuntze lanekin hasi ziren eta ordutik aurrera gazteek ekintzaz bete zituzten gaztetxea eta Pasai Antxoko kaleak. Jimik hainbat ekintza gogoratzen ditu, musika kontzertu “itzelak”, hitzaldiak drogari buruz, dantzaldiak, ingurumena eta mugimendu ekologista bultzatzeko ekintzak…


Pasai Antxoko gaztetxeak bere bidea egiten jarraitu zuen geroztik. 26 urtetako bidea arrosaz beteriko bidea izan da, pixkanaka egiten joan dena, polita, baina baita arantzaz beterikoa ere. Ez da beti erraza izan aurrera ateratzea. Irati Migeltorena jada ez dago gazte asanbladan, baina bera asanbladan parte hartzen hasi zen urteak gogoratu ditu. Egoera ez zela oso ona aitortu du, batez ere, helburuak ondo finkatu gabe zeudelako eta bereziki helburu horiek finkatzen lan egin zutela esan du. Helburu nagusia autogestioa zela adierazi du: “Gaztetxea berez, udaletxeak eman ziguten ez zen hain autogestionatua, baina guk nahi genuena zen gure ekintza guztiak guk sortutako ekintzak izatea, ez udaletxeak edo beste edonork gestionatuak izatea.” Beste hainbat helburu ere bazituzten, etxebizitzen inguruan, euskararen inguruan…




Garaiak aldatu badira ere, ekintza batzuk egitea ohitura bilakatu da gaztetxean. San Ferminetako txosna eta gazte eguna, gaztain eguna, inauterietako afaria eta beste hainbat gauza. Ane Salazar gazte asanbladako kide da duela lau bat urte eta esan duenez, gaztetxe baten helburu nagusietako bat gazteen arteko harremana sendotzea da. Gogor lanean ari da gazte asanblada gaztetxeak bere helburu eta erronka guztiak lortzeko. Salazarrek aipatu du gaztetxea ostiral eta larunbatetan “taberna moduan” irekitzen hasi direla. Modu honetan leiho berriak egiteko dirua lortu eta herriarengana iritsi nahi dute gaztetxeko kideek. Anek uste du ari direla pixkanaka beren helburuak lortzen eta optimista agertzen da etorkizunerako. Lanean jarraituko dutela adierazi du, gaztetxe baten ametsak aurrera jarrai dezan.


Bizirik da gaztetxea, 26 urteetan zehar etenaldiak izan badu ere, garai ilunak ezagutu baditu ere, ametsez josirik dago gaztetxea, eta amets horiek errealitate bilakatzeko prest dagoen jende mordoz beterik gainera. Pasai Antxoko gazteek poliki-poliki ametsak eraikitzen jarraituko dute. 
 



No hay comentarios:

Publicar un comentario